Formakuntza eta egunaldi tekniko franko proposatzen ditu EHLG-k ondoko asteetan.

2020-09-11

Formakuntza eta egunaldi tekniko franko proposatzen ditu Euskal Herriko Laborantxa Ganbarak ondoko asteetan. Buruilaren 16an, asteazkenez agronomia formakuntza bat proposatua izanen da Ainiza Monjolosen. Etxaldeko ixurkiak kudeatzeko aplikatzen den araudia zoin den ikasiko dute laborariek. Ongarriztatze planoa egiten ikasteko parada ere.

Buruilaren 24an, ostegunez beste ikastaldi bat proposatua izanen da. Laborari gehienek belar balotak egiten baldin badituzte ere, bada belarra barnean, sabaian atxikitzeko manera. Belar eta soroak nahas mahas idorrarazteko teknikaren lehen urratsak ikasteko aukera izanen da.

Buruilaren 28an, astelehenez iragan beharra den formakuntza egunean parte hartzaileek ikasiko dute lurra nola gehiago ikertzen eta ezagutzen ahal duten landare adierazgarriak begiratuz. Belar txarren identifikatzen eta lur diagnostika baten egiten ikasiko dute laborariek. Agroekologiatik heldu den metodo hau interesgarria da Euskal Herriko hazkuntzetan.

Formakuntza horiek egun osokoak dira. 9:30etan hasiko dira, arratsaldeko 5:30etan bururatzeko. Segurtasun neurriak errespetatu beharko dira. Izenak eman behar dira Euskal Herriko Laborantxa Ganbararat deituz: 05 59 37 18 82 zenbakirat.

Mikrometanizazioaz informazio eguna antolatzen dute INR eta EHLG-k buruilaren 30ean Madiran herrian. Interesatuak diren laborariek bisitatuko dute Pierre Leb laborariaren etxaldea. Azken hunek ahuntz esnedunak hazten ditu, etxeko garagarnoa ere ekoizten du. Etxaldeko metanizazioan aitzindaria da, autonomia energetikoa lortzen du bere instalazioarekin, ahuntz gasa ekoizten baitu. Horrela etxaldeko hondarkinak bertziklatuak eta baloratuak dira. Ateraldi horretaz interesa dutenek heien izena helarazi behar dakote Mikel Sainte-Marieri, EHLGrat deituz: 05 59 37 18 82 zenbakirat.

Maritxu Intzagaraiek formakuntza horiek aipatu dauzkigu.