Aldude ibarreko 15. ate idekietarik zuzenean

2022-10-16

Aro ederra lagun, ehunka jende hurbildu dira aste hondar huntan Aldudeko ibarreko ate idekietara. Urtero bezala, ibarreko laborarien kabalen feira izan da ekimen nagusia. Aurtengo kabala lehiaketan, ardi manexa, behor, behi pirenaika eta Akitaniako blonda hoberenak saristatu dituzte.

Egunaldia zuzenean segitu dute Euskal Irratiek. Gure zuzeneko estudiotik, gomitatu andana iragan dira, horien artean, ibarreko hiru auzapezak, Urepeleko Xole Aire, Bankako Mixel Oçafrain eta Aldudeko Mattin Çuqulbide. Horiekin batera, hainbat artista handi ere jaso ditu Marie Agnès Gorostiaguek: Santi Begiristain txistularia, Guy Zaldubehere kantaria eta Hiruri taldeko Amaia Hirigaray eta Sebastien Goutenegre.

Horrez gain, tartean-tartean, Aldudeko plaza eta xoko guzietako giroa bildu dute Mattin Lerissa eta Inhar Iraizotz kazetariek. Milesker Irulegiko Irratia hain goxoki aterbetu duten Aldudeko Junkal eta Danieli, Aldudeko Feira antolatu duten herritarrei, eta bistan dena, zuzeneko emankizuna posible egin duen Aitor Perez Euskal Irratietako teknikariari ere.